Bizkaiko kirolariekin egindako txirrindularitza topaketa bati esker eman zaio hasiera ekitaldiari
Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak, Euskadi Txirrindularitza Fundazioaren laguntzarekin, BILBOFEM Martxa Zikloturista antolatuko du datorren urtean, 2025eko urriaren 12an. Emakumeentzako soilik izango den martxa ez-lehiakorra izango da, Bilbon hasi eta amaituko dena.
Ekimena aurkezteko eta ekitaldia ezagutarazteko, topaketa bat egin da gaur, igandea. Bertan, Bizkaiko 50 txirrindularik ibilbidearen erreplika bat egin dute Bilbotik abiatuta, eta parte-hartzaileen artean Joane Somarriba edo Eneritz Vadillo (LABORAL Kutxa) egon dira. Irteera eta helmuga Guggenheimeko zabalgunean izanik, ibilbideak Uribe Kosta eta Mungialdeko hainbat udalerri zeharkatu ditu, guztira 65 kilometro osatzeko.
Kultura, Kirol eta Euskara diputatu Leixuri Arrizabalagak ere ibilbidearen zati bat egin du, eta martxan parte hartzeko deia egin du: “Txirrindulariok, denok taldean elkarrekin pedalak eraginez, oinarriak sendotzea lortuko dugu, gero eta emakume gehiago animatu daitezen bizikleta hartzera; dela denboraldi bakoitzean Bizkaian izaten diren proba ugaritan lehiatzeko, dela gure bidegorri sare bikainean zehar egunerokoan mugitzeko”.
Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak azpimarratu duenez, “martxa hau Bilbon lantzen dugun izaeraren isla leiala da. Hiri honetan, kiroleko berdintasunaren alde egiten dugu, emakumeen txirrindularitzaren gorakadaren alde, Tourrak gure hirian utzitako ondarea indartzearen alde, eta, ekitaldi honen antolatzaileek egiten duten bezala, kirola egiteaz harago doazen balio eta lan horiekin egunero konprometitzen direnen alde; herrialde txiki baina bizikletazale baten zaletasuna eta izateko modua sortuz, bere esparru guztietan”.
Parte-hartzaile guztiek oroigarrizko txaleko bat eraman dute, probaren eta ekitaldiaren hasierako laguntzaileen logoekin: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskadi Fundazioa.
